Hitza berria, paperean eta sarean

16 de Noviembre de 2007 a las 00:39, por Miren Berasategi

Hitzaren diseinu berriaren aurkezpenean egon gara DoKA n duela egun pare bat (ekitaldiko bideoan ere agertzen gara!). Orain arte egindako lana laburtu eta garai berriei begira dauzkaten asmoak biltzen dituen bideoa erakutsi ziguten, eta Jon Lopez Irutxuloko Hitzako zuzendariak aurkeztu zituen diseinu berridun azala eta edukien antolaketan emango duten aldaketa.
Hitza

Egunkari askoren diseinu aldaketak ikusten ari gara azkenaldian (sonatuena El Paisena), eta agian horregatik pixka bat sensibleago nago gaiarekin. Gauza da diseinu berria, «garbiagoa», proiektatuta ikusi nuen une berean atentzioa eman zidala zerbaitek azalean: lerroak. Marrak. Marra bertikalak, horizontalak, beltzak, koloretakoak, meheak eta lodiak. Behar diren tokietan, behar ez direnetan, enbarazu egiten dutenetan. Edukiak bata bestearengandik bereizteko dira batzuk (gehienek funtzio hau ere ez dute betetzen, eta erabat funtsik gabeak dira), baina ez al dira, diseinu garbi batean, zuriuneak egokiagoak? Geroz eta ohikoagoa den horror vacuiaren aurrean ote gaude hemen ere? El Paisek ere ba omen du honetatik pixka bat…

Diseinua baino aldaketa sakonagoa izango da, hala ere, papereko eta sareko edizioa uztartzeko egin nahi duten saioa. «Zaharkituta geratu da albistea sortu eta handik egun bater hori paperean soilik argitaratzea» Hitzako arduradunen esanetan, eta erabat ados nago baieztapenarekin. Horren aurrean, irakurleei/irakurleoi eduki sortzaile papera eman nahi digute Hitzakoek, webgunera bideoak bidali, albisteak argitaratu eta zenbait gaien inguruko blogak mantenduz. Hauek guztiak papereko edizioan islatzeko asmoa ere badute, gainera.

Hedabideen etorkizuna antzeko nonbaitetik joango dela iruditzen zait, eta horregatik Hitzak pausoarekin asmatuko duela esaten ausartzen naiz. Interesgarriagoa izango da ikustea papereko eta sareko edizioen arteko lotura hau nola gauzatzen doan denborarekin.

Esta entrada tiene 3 comentarios

Referencias desde otros sitios

Deja un comentario